1. Informazio orokorra

 

Getxo.Berpiztu! proiektuaren helburu nagusia erabakiak hartzeko talde-prozesuak abiatzea da, auto-kudeaketaren bitartez espazio publikoaren erabilera eta eraldaketa sustatzeko. Elkarlanean, herritarren partaidetza-prozesu baten bidez, orube bat eraldatu eta egokitzea proposatzen dugu proiektuan, orube horren erabilgarritasuna indartzeko. Parte hartu nahi izan zuen pertsona oro egon zen gonbidatuta.
Zaramari taldekook antolatu eta gidatu genituen eskola-tailerrak, herriko hainbat umek osatutako talde batek orubea gozatu eta erabiltzeko modu berriak (berr)asma zitzan espazio publiko bilakatzeko asmoz.

  • Tokia: Zabala ikastetxea, Getxo.
  • Datak: 2012ko martxoaren 27a eta 28a.
  • Iraupena: Bi orduko bi lan-saio.
  • Taldea: Zabalako ikastetxeko LHko 5. eta 6. mailetako 16 neska-mutil eskolaz kanpoko orduetan.

 

2. Tailerraren egitura. Orubearen egokitzapena diseinatzeko bi egun

 

Umeen laguntzaz Getxoko espazio publikoak eta pribatuak, eta horietan egiten diren jarduerak bereizten ekin genien lan-saioei.
Gero, orubean fokatu genuen gure arreta, hau da, bere morfologia, ezaugarriak, ondoko espazioekiko harremana, sarrerak, mugak eta mugaketak aztertu genituen.
Behin lur-eremuarekin trebatuta, neska-mutilek haien lagunekin, gurasoekin eta aitona-amonekin batera bertan egin zitzaketen jarduerak zerrendatu genituen, afektibitate-harremanak eta belaunaldien artekoak erabakigarritzat hartuz espazio publikoarekiko harremanean.
Orube horretarako erabilera eta hornikuntza zehatzak proposatzeko orduan, Getxo berpiztu talde-eragileak Getxoko Udalari aurkeztutako txosten orokorrean bildutako irizpideak eta baldintzak hartu genituen kontuan.
Lan-saio horietan orubeko maketa eskalatuaren gainean hainbat erabilera-proposamen bilduta, honako kontzeptuak landu ziren:

 

1. Laneguna. Espazio publikoa eta horren erabilera-aukerak aztertzen.

  • Herriko hainbat espazio publiko zehaztu zituzten neska-mutilek.
  • Ikusitako espazio publikoen erabilerak aztertu zituzten.
  • Orubearen morfologia eta ezaugarriak aztertu zituzten.

 

2. Laneguna. Orubeko azpi-eremuen espazioaren diseinua.

  • Diseinatu beharreko eremuen morfologia ikertu genuen. Era berean, inguruko espazioekin zeuden loturak eta lotura ezak aztertu genituen.
  • Orubea egokitzen lagun gintzakeen hainbat hiri-osagai proposatu genuen (eremu bakoitzean beharrezko uste genituen hiri-altzariak).
  • Eremu bakoitzerako altzariak diseinatu genituen.

 

3. Jardueraren inguruko informazio osagarria

 

 

5. Jarduera hau zure ikastetxean lantzeko modua

 

Proiektu hau Creative Commons (CC BY-NC-SA 3.0) lizentziapean eginda dago. Beraz, agiri honetan proposatutako irizpideei jarraituz landu dezakezue jarduera ikastetxean. Horren truk, Arkitente webgunean esperientzia hori partekatzea eskatzen dizuegu; blogean albiste erako sarrera bat eginez, adibidez. Bertan, besteak beste, hausnarketak edo jarduera hobetzeko proposamenak aurkez ditzakezue.
Jarduerak atalean esku artean duzun jarduera hau osatzeko baliabideak aurkituko dituzue. (Ikus proposatutako jardueren fitxak)

 

6. Arkitentek eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzu

 

Arkitente taldea jarduera hau gauzatzeko prestatzaile eta aholkulari izateaz gain, irakaslearen laguntzaile ere izan daiteke jarduera ikastetxean bertan burutzeko.
Ikastetxe bakoitzak behar duen zerbitzuaren araberako aurrekontua eska diezaioke Arkitenteko lantaldeari. Horretarako, bidali eskaria helbide honetara: info@arkitente.org

 

Partekatu :
PDF-a deskargatu

ciudad hiria