1. Deskribapena
Albiste-bloga sortzea proposatzen dizugu, zure auzoa nolakoa den dokumentatzeko eta arkitente webgunearen bidez sarean erakusteko. Auzoa mapan kokatuko dugu, nola eratu zen ikasiko dugu, eta tokian tokiko arkitekturaz eta espazio berezienez jabetuko gara.
Kazetari-lanetan aritzean datza jarduera: informazio aipagarriena batu, albiste originalak bilatu, intereseko gaiei buruzko erreportajeak prestatu, elkarrizketak egin, eta idatziak argazkiz eta bideoz apaindu, besteak beste.
2. Helburuak
- Hiri-morfologia eta auzoko arkitektura ezagutzea, baita mapan geokokatzea ere.
- Kalea ikas-espaziotzat erabiltzea.
- Ezaguera sortzen eta partekatzen ikastea.
3. Egitura
Jarduera hau 50 minutu inguruko bost lansaiotan bete daiteke, gutxi gorabehera.
1. Lansaioa. Google Maps erabiliz auzora hurbildu.
Materialak eta baliabideak:
- Auzoko mapa inprimatuak ikasleen artean banatzeko.
- Proiektagailua eta interneterako konexioa auzoari buruzko sarrera egiteko.
1. Banatu mapa bana ikasleei.
2. Erakuts iezazkiezu auzoaren Google Maps-eko aire-irudiak bideo-proiektagailua erabiliz. Ekin irudi orokor batekin, eta apurka-apurka hurbildu, toki eta eraikin zehatz batzuetan fokatu arte.
3. Adostu ikasleekin ibilbidearen nondik-norakoak, 50 minutuan egin ahal izateko; tarte horretan ikastetxetik abiatu eta ikastetxera itzuli behar duzuela kontuan hartuta. Ikasleek mapan nondik-norakoa markatuko dute, ibilbidean zehar orientatu ahal izateko.
4. Banatu ikasleak hiruzpalau laguneko taldeetan, eta proposa iezaiozu talde bakoitzari ikergaia. Markatu mapan zein tokitan atera ahal dituzten argazkiak eta non eskuratu ahal duten informazioa, albistea sortzeko. Hauek izan daitezke ikergaiak:
- Auzoaren sorrera eta bilakaera-garaiak.
- Eraikin bereziak, horien arkitektoak eta erabilerak.
- Toki erakargarriak / Toki ilunak.
- Etxebizitzak, formak eta bilakaerak.
- Kaleak eta horietan zehar dabiltzan pertsonak. Nola erabiltzen dituzte lagun horiek auzoko espazioak?
2. Lansaioa. Ikerketa-ibilbidea auzoan zehar.
Materialak eta baliabideak:
- Ibilbidea markatuta duten auzoko mapa inprimatuak.
- Argazki-bideo-kamerak edo argazki-kamera duten sakelako telefonoak (ikasle bakoitzeko tresna bat gomendatzen dugu).
- Oharrak hartzeko koadernoa.
1. Ibilbidea ikastetxean bertan hasi eta bukatuko da. Mapak lagunduta, taldeak ibilbidea egingo du eta informazioa non bilatu erabakiko du. Banatu ezazue informazioa bilatzeko lana, ikasle batzuek argazkiak egin ditzakete, eta beste batzuek auzokideei elkarrizketak egin diezazkiekete.
2. Batutako informazioa mapan geokokatuko dute.
3. Lansaioa. Albisteak idazteko laneguna.
Materialak eta baliabideak:
- Interneterako konexioa duten ordenagailuak.
1. Taldeak dagokion gaiaren inguruko albistea prestatu eta idatziko du.
2. Irakasleak, bitartean, Auzoko bloga sortu dezake nahiago duen webgunean (ikus Nola sortu blog bat esteka). Google Maps erabiliz, auzoaren aire-irudi bat zabaldu behar da albisteak geokokatu ditzaten. Esteka ezazu mapa blogean nola sortu Interneten mapa bat estekan azaldutakoari jarraituz.
4. Lansaioa. “Auzoko bloga” editatu eta albistea argitaratu arkitente webgunean.
Materialak eta baliabideak:
- Interneterako konexioa duten ordenagailuak.
1. Taldeko arduraduna albistea blogean argitaratzeaz arduratu daiteke. Talde bakoitzak blogaren barruan bere atala sor dezake eta bere albistea mapan geokokatu.
2. Bitartean, taldeko beste partaideek esperientziaren laburpena idatz dezakete, ondorioak azalduta. Idatziari laguntzeko, argazkiren bat ere aukeratu dezakete. Testu honek arkitente webguneko blogera igoko duten albistea osatzeko balioko du.
3. Irakaslearen laguntzaz, lan-talde bakoitzaren ordezkariak albistea arkitente webgunera igotzeko prestatuko du. Albisteak barnean ekarriko ditu laburpenak zein “Auzoko bloga”ra eramaten gaituzten estekak. Irakasleak sarrera bat idatziko du jardueraren inguruko hausnarketak bilduz (ikus Nola partekatu albiste bat blogean).
5. Lansaioa. Bateratze-lana.
Materialak eta baliabideak:
- Proiektagailua eta interneterako konexioa aurkezpena burutzeko.
1. Talde bakoitzak “Auzoko bloga”ko albistearen aurkezpena egingo du, 8 -10 minutuz.
4. Esteka interesgarriak
- Nola sortu Interneten mapa bat
- Google Maps, ibilbidearen mapa inprimatzeko eta azterlanak egiteko.
- Bizkaiko Eraikin Berezien inguruko informazioa
- Nola sortu blog bat
- Nola partekatu albiste bat blogean
5. Jarduera osagarriak
- Auzoa ezagutzeko aurrejarduera. Auzoaren sorrera eta horren bilakaeraren azalpena irudi eta mapa zaharrek lagunduta.
- Jarduera-ostea, auzoari buruzko komikia argitaratzeko.
6. Arkitenteren laguntza-zerbitzua
Arkitektura-eta pedagogia-profesionalez osatutako arkitente taldeak aukera eskaintzen dizu aurkeztutako edozein jarduera osatzeko. Besteak beste, tokian tokiko tailerrak, material-prestaketa eta aholkularitza eskaintzen dizkizugu. Zerbitzu gehigarri horien ezaugarriak eta zenbatekoa jakiteko, bidali eskaria helbide honetara: info@arkitente.org.
PDF-a deskargatu