1. Deskribapena
Jarduera hau auzoko mapa bat egitean datza. Tamaina handiko mapa izango da eta bertan auzoko hainbat eraikin eta espazio berezi geokokatu ahal izango dituzte.
2. Helburuak
- Mapak irakurtzen ikastea.
- Hiri-morfologia eta auzoko arkitektura ezagutzea, baita mapan geokokatzea ere.
- Kalea ikas-espaziotzat erabiltzea.
- Eskalak bereiztea eta proportzioaren kontzeptua ikastea.
3. Egitura
Jarduera hau 50 minutu inguruko bost lansaiotan bete daiteke, gutxi gorabehera.
1. lansaioa. Google Maps erabiliz auzora hurbildu. Marraztu ezazue lauki-sarea, mapa aukeratutako tokian irudikatzen laguntzeko
Materialak eta baliabideak:
- Lauki-sarea oinarri duten auzoko mapa inprimatuak ikasleen artean banatzeko. (lauki-sarea deskargatu)
- Proiektagailua eta interneterako konexioa auzoari buruzko sarrera egiteko.
- Metroa, klarionak, soka, artaziak eta zinta itsasgarria.
1. Banatu lauki-sarean inprimatutako mapa bana ikasleei (ikus Planoa lauki-sare batean inprimatzeko txantiloia).
2. Erakuts iezazkiezu auzoaren Google Maps-eko aire-irudiak, bideo-proiektagailua erabiliz. Ekin irudi orokor batekin, eta apurka-apurka hurbildu, toki eta eraikin zehatz batzuetan fokatu arte.
3. Aukera ezazue mapa marraztuko duzuen espazioa eta neur ezazue horren zabalera eta luzera. Egokitu (eskalatu) ezazue lauki-sarearen tamaina neurri horien arabera. Mapa horman, zein lurrean marraztu dezakezue, baita paperezko horma-irudi erraldoi batean ere. Lauki-sarea marrazteko klarionak, sokak eta zinta itsasgarria erabil ditzakezue.
2. lansaioa. Mapa marraztu
Materialak eta baliabideak:
- Lauki-sarea oinarri duten auzoko mapa inprimatuak ikasleen artean banatzeko.(lauki-sarea deskargatu)
- Metroa, klarionak edo koloretako margoak, soka, artaziak eta zinta itsasgarria.
- Argazki-kamera eta oharrak hartzeko koadernoa.
1. Ikasleak lau taldetan antolatuko dira. Lau talde horietariko bakoitzari planoaren laurden bat marraztea egokitzen zaio.
2. Taldearen lan-banaketa:
Taldeko partaide batek prozesu osoa dokumentatzeko lana hartuko du bere gain; hau da, jardueraren laburpena idatziko du eta jarduera-prozesuaren argazkiak aterako ditu. Gainontzeko kideek lurrean taldeari egokitu zaion mapa zatia marrazteari ekingo diote. Kolore-kode bat jarraituko dute mapako elementuak adierazteko. Kolore-kodea hau izan daiteke:
- Kolore horia: kaleak
- Kolore berdea: berdeguneak
- Kolore zuria: auzoko mugak edo langa fisikoak (trenbideak edo errepideak)
- Kolore urdina: ura, ibaiak
3. lansaioa. Mapa marraztu II
Materialak eta baliabideak:
- Lauki-sarea oinarri duten auzoko mapa inprimatuak ikasleen artean banatzeko. (lauki-sarea deskargatu)
- Interneterako konexioa duten ordenagailuak, auzoari buruzko informazioa bilatzeko.
- Metroa, klarionak edo koloretako margoak, soka, artaziak eta zinta itsasgarria.
- Argazki-kamera eta oharrak hartzeko koadernoa.
- Itsasgarrien fitxa. (Deskargatu)
1. Talde bakoitzak dagokion mapa zatia marrazten bukatuko du. Bitartean, dokumentazio-lanaz arduratzen diren ikasleak horretan jarraituko dute.
2. Mapa marrazten bukatutakoan, talde bakoitzak analisi-gai bat aztertuko du. Kolore-kode bat jarraituko dute mapako elementuak adierazteko. Kolore-kodea honako hau izan daiteke:
- Kolore laranja: Eraikin publikoak
- Kolore grisa: Ikasleak bizi diren etxeak
- Kolore gorria: Hondatuta daudelako egokitu behar diren espazioak
- Kolore morea: Espazio publikoak
3. Talde bakoitzak dagokion gai eta kolorearen araberako pegatinetako informazioa prestatu eta bete beharko du
4. lansaioa. Bateratze-lana
Materialak eta baliabideak:
- Argazki-kamera eta oharrak hartzeko koadernoa.
- Itsasgarrien fitxa. (Deskargatu)
1. Itsasgarriak beteta dituztela, talde bakoitzak egindako lana azalduko du eta itsasgarriak mapan geokokatuko ditu. Talde bakoitzaren aurkezpena 8 -10 minutukoa izango da, gehienez ere.
5. lansaioa. Albistearen eraketa, Arkitente webguneko blogean partekatzeko
Materialak eta baliabideak:
- Interneterako konexioa duten ordenagailuak laburpenak idazteko eta albistea Arkitente webguneko blogean argitaratzeko.
1. Taldekideek esperientziaren laburpena idatziko dute eta argazkiren batez apainduko dute. Horretarako, jardueraren dokumentazi- arduradunak aurreko saioetan ateratako argazkiak eta idatzitako oharrak erabiliko dituzte.
3. Irakaslearen laguntzaz, talde bakoitzaren ordezkari batek albistea Arkitente webgunera igotzeko prestatuko du. Irakasleak sarrera bat idatziko du jardueraren inguruko hausnarketak bilduz (ikus Nola argitaratu albiste bat Arkitente webguneko blogean).
4. Esteka interesgarriak
- Google Maps, mapa inprimatzeko
- Bizkaiko Eraikin Berezien inguruko informazioa
- Nola argitaratu albiste bat Arkitente webguneko blogean
5. Jarduera osagarriak
1. Auzoa ezagutzeko aurrejarduera. Auzoaren sorrera eta horren bilakaeraren azalpena irudi eta mapa zaharrek lagunduta.
6. Arkitenteren laguntza-zerbitzua
Arkitektura- eta pedagogia-profesionalez osatutako Arkitente taldeak aukera eskaintzen dizu aurkeztutako edozein jarduera osatzeko. Besteak beste, tokian tokiko tailerrak, material-prestaketa eta aholkularitza eskaintzen dizkizugu. Zerbitzu gehigarri horien ezaugarriak eta zenbatekoa jakiteko, bidali eskaria helbide honetara: info@arkitente.org
PDF-a deskargatu