1. Informazio orokorra

 

2012ko ekainaren 1ean San Frantzisko auzoan Auzokideen Europako eguna ospatu zen. Auzo horretako, eta oro har, Bilboko auzokideen arteko bizikidetza hobetzea eta elkartasuna garatzea zen ospakizun horren helburua. Orduko hartarako, auzoKIDeak prestatu genuen, umeentzako jarduera parte-hartzailea. Umeek, aldez aurretik denon artean eraikitako San Frantzisko auzoko plano-maketa batean, haien ustez bizikidetza-espazioak zirenak kokatzean zetzan jarduera. Pedagogia, jokoa eta hiri-bizikidetzari buruzko hausnarketak batu ziren jolas-jarduera hartan.

  • Tokia: Miribillako ikastetxea eta San Frantziskoko Mariaren Bihotza Plaza, Bilbo Zaharra, Bilbo.
  • Datak:  Maiatzeko azken astean egin ziren lan-saioak Miribillako ikastetxean eta ekainaren 1eko jaiegunean Mariaren Bihotza Plazan.  
  • Iraupena: Ikastetxean, talde bakoitzeko ordubeteko saioa. Hiru orduko saio bakarra jaiegunean.
  • Taldea: Ikastetxeko saioetan DBHko 1. eta 4. maila bitarteko 150 ikasle inguru. Jaiegunean 50 lagun inguruk hartu zuten parte espazio publikoan.

 

2. Tailerraren egitura

 

Kontzeptu hauek landu ziren egindako lan-saioetan:


1. laneguna. Barne-lana Miribillako ikastetxeko irakasleen laguntzaz.

    • Ikasleen etxeetako espazio publikoak eta pribatuak bereizi zituzten ikasleek.
    • Ikasleen etxebizitzetan eta ondokoetan bizi direnak zerrendatu ondoren, pertsona bakoitza dagokion solairuan eta etxebizitzan kokatu zituzten.
    • Auzokideekin partekatu ahal dituzten ekintzei buruz hausnartu zuten.
    • Auzoko espazio publikoak eta espazio horien erabiltzaile ohiekin izan ahal dituzten harreman-aukerak aztertu zituzten.

 

2. laneguna. San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza Plazan egindako jaialdia.

    • Auzoa hiritar multzotzat ulertzeko ideiari buruz gogoeta egin zuten ikasleek.
    • Auzoko kultura aniztasunaz jabetu ziren.
    • Aisia-jarduerak lotu zituzten jarduera horietan aritzeko erabiltzen diren espazio publikoekin. Aldi berean, espazio horiekiko bertakotze edo errotze esanguratsua landu zen: plaza, auzoa, Bilbo Zaharra.
    • Espazio publikoa hiri-hezkuntzarako tresnatzat erabili zen.

 

3. Jardueraren inguruko informazio osagarria

 

 

4. Jarduera hau zure ikastetxean lantzeko modua

 

Proiektu hau Creative Commons lizentziapean eginda dago. Beraz, agiri honetan proposatutako irizpideei jarraituz landu dezakezue jarduera ikastetxean. Horren truk, Arkitente webgunean esperientzia hori partekatzea eskatzen dizuegu; blogean albiste erako sarrera bat eginez, adibidez. Bertan, besteak beste, hausnarketak edo jarduera hobetzeko proposamenak aurkez ditzakezue.
Jarduerak atalean esku artean duzun jarduera  hau osatzeko baliabideak aurkituko dituzue.

 

5. Arkitentek eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzu

 

Arkitenteko taldea jarduera hau gauzatzeko prestatzaile eta aholkulari izateaz gain, irakaslearen laguntzaile ere izan daiteke jarduera ikastetxean bertan burutzeko.
Ikastetxe bakoitzak behar duen zerbitzuaren araberako aurrekontua eska diezaioke Arkitenteko lantaldeari. Horretarako, bidali eskaria hemen sakatuz.

 

6. Jarduera lantzeko fitxak

 

Jarduera gauzatzeko erabili ziren fitxak ikasgelan lantzeko inprima daitezke. Sakatu hemen fitxak PDF formatuan deskargatzeko.

 

Partekatu :
PDF-a deskargatu

ciudad hiria