1. Zer da arkitente?
- Interneteko webgunea da, arkitektura haurrei hurbiltzeko asmoa duena.
- Jarduera-progama da, arkitektura langai hartuta, haurrak beren ingurune hurbilaz ikasi, ikertu eta hari buruzko edukiak garatzeko aukera emango diena.
- Eztabaidagunea da, auzoetako arkitekturari eta hirigintzari buruz aritzeko xedea duena.
- Bidea da, beste auzo, geografia eta arkitektura batzuk ezagutzeko.
- Sare zabala da, hainbat tokitako umeei aukera emango diena hiriari eta arkitekturari buruzko lanak partekatzeko.
- Irakasle, hezitaile eta gurasoei zuzendutako sarea da, arkitektura irakasteko erabilitako metodologia eta esperientziak elkarri erakusteko helburua duena.
- Tresna erabilgarria da, haurrak eta arkitektoak harremanetan jartzeko balio duena.
- Proiektu irekia da, hiri-heziketa lantzeko sortua eta hiritar guztiei zabaldua.
2. Arkitektura herritarrengana hurbildu
Gaur egun, arkitekto-elkarteek, baita Arkitektoen Elkargo Ofizialak berak ere, onartzen dute hirigintza eta arkitektura gizarteari bizkar emanda lantzen direla; hau da, sarritan eraikinak eta lurraldea herritarrak kontuan hartu gabe planifikatzen eta eraikitzen direla. Gutxi batzuek baino ez dituzte ulertzen beren bizitokien hirigintza-ezaugarriak, eta oro har, hiritarrak ez dira hiriak ematen dituen erabilera-aukerez baliatzen. Horrela, hiriaren antolakuntza arrotza izan ohi zaigu eta publikoa denaren aurrean ez dugu interesik sentitzen. Zaila da ulertzen ez dugun hiri batean bizitzea eta gozatzea. Hiritarrek ingurunearekin bat egiten dutenean eta haren partaide sentitzen direnean, hobeto zaindu ohi dute. Hau da, jarrera gizabidezkoagoa eduki ohi dute bere hiria osatzen duten espazio publikoekiko, baita bertako osagaiekiko ere.
3. Arkitektura umeengana hurbildu
Arkitektura eta hiria hobeto ulertzeko, hiriaren funtsezko izaera publikoaren barneratze-lana haurtzarotik hastea proposatzen dugu, orduan sortzen baitira norberaren lehenengo ezagutzak eta oroimenak. Kontzientzia kolektibo berritu hori garatzeko, ezaguera eta izaera garatzen hasten den garaian abiatzea proposatzen dugu. Haurrak inguru hurbilena duten auzoa ezagutzea jarduera hezigarritzat hartzen dugu. Horretarako, hirigintza-ezaugarrien, -arazoen eta -egoera ezberdinen analisitik abiatu beharra dago. Arkitektura eta hirigintza hainbat ezagutzen irakasbide izan daitezke. Izan ere, Eskola curriculuma zeharretara eta jakintza-alor artekoaren arabera lantzeko tresna izateaz gain, ikasleek barneratu beharreko hainbat balore, eduki eta prozeduren diziplinarteko-iturburua ere bada.
4. Hiri-ingurumena
Hirietan biltzen da biztanleria gehiena, eta bertan ematen dira ingurumen-inpaktu gehienak. Hiriak gure inguruaren partaide dira, beraz, ingurumena dira. Ba al dakigu zein ingurunetan bizi garen? Nola jabetzen gara gure inguruneaz? Zer eragin dauka ingurunean gure hirietako bizimoduak? Noraino heltzen da hiriaren eragina? Zer da ingurumena? Eta hiri-ingurumena? Haurrak, jarduera eta dinamika parte-hartzaileen bitartez, ingurumenaren eta hiriaren eraginari buruz arituko dira.
5. Belaunaldien arteko eta kulturen arteko integrazioa
Arkitente kultura arkitektonikoa herritarren artean zabaltzeko eta sustatzeko webgunea da. 2.0 webguneak arkitekturaren berri eman nahi du, eta bere helburua da jendeak arkitektura-eta hiri-identitatearen ezagutzarekiko duen jarrera aktiboagoa izan dadin sustatzea. IKTak erabiliz ondare etnografikoaren ezagutza zabaltzeko tresna da Arkitente. Ondare hori erabili, gozatu eta zaindu dadin bultzatzeko, hain zuzen ere. Belaunaldien eta kulturen arteko integrazioa du helburu, haur, gazte zein nagusi, profesional eta, oro har, Bizkaiko arkitektura-eta hiri-ondarearen zaleen arteko partaidetzaren bitartez. Sarea da, egungo komunikazio tresna berriei esker gazteenen artean arkitektura zabal dadin eratua.
6. Norentzat da proiektua?
Arkitente 8 -11 urteko haurrei zuzenduta dago, batez ere Lehen Hezkuntzako 3. zikloko eta Bigarren Hezkuntzako 1. zikloko ikasle eta irakasleentzat sortua da, hala ere, beste hezkuntza maila eta heziketa esparru batzuetarako moldatu daiteke ikerketa-eta aurkezpen-lanen malgutasunari esker.
Arkitente tresna malgua da eta hiria ezagutzeko beste jarduera batzuen osagarri izan daiteke:
- Kode libreko arkitektura gida-liburu gisa.
- Auzoetako arkitekturaren datu-bilketa egiteko eta azterketa-jarduera parte-hartzaileak lantzeko tresna modura.
- Ikasgeletan Ingurunearen Ezaguera lantzeko lanabes gisa.
- Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorretan hiritarren partaidetza prozesuetan erabiltzeko tresna modura.
7. Diziplina anitzeko heziketa
Honako hauek dira zeharka lantzen diren gaietako batzuk:
- Artea: estetika, diseinua, adierazkortasuna, sormen-prozesua...
- Gizarte-zientziak: historia, ingurunearen eta hiriaren ezaguera espazio hezigarritzat, kultura-eta erlijio-adierazpenak…
- Arlo zientifikoak: matematika, fisika, materialen ezaugarriak, geometria, proportzioak, eraikitze-prozedurak…
- Geografia: ezaugarri baldintzatzaileak, klima, orografia…
- Ingurumena: herri-arkitektura, behin-behineko eraikinak, espazio iraunkorren eraikuntza eta garapena, ekologia, hiri-ekosistema, materialen berrerabilpena, espazio hutsak…
- Pertsonen eta giza taldeen arteko harremanak: iritzi-kritikoa eta elkarlana.
8. Helburu orokorrak
- Arkitektura alorrean sakontzea. Horretarako, Arkitekturaren ezaugarriak eta honek gure bizimoduan eta, banakakoengan eta talde-nortasunean duen eragina aztertzea.
- Hiriak eskaintzen dituen heziketa-aukerak zabaltzea, inguruaren eraldaketan parte-hartzaile izango diren herritarrak eta hiritarrak hezteko.
- Tokian tokiko arkitekturaren bitartez testuinguru hurbila ezagutaraztea.
- Ikastetxe eta auzo ezberdinetako ikasleen arteko harremana bultzatzea, beste errealitate batzuk ezagutzeko.
- Hiriaren diseinuaz eta eraikuntzaz arduratzen direnen eta ikastetxeen arteko elkarlana bultzatzea, ikasgeletan hiri-hezkuntza lantzeko.
- Hiriaren diseinuaz eta eraikuntzaz arduratzen direnen eta ikastetxeen arteko elkarlana bultzatzea, ikasgeletan hiri-hezkuntza lantzeko.
- Elkarlanaren bitartez heziketa-edukiak sortzea, ikastetxeen artean banatu eta partekatzeko.
- Tresna digitalen erabilera sustatzea, arkitekturaren eta hiriaren egitura ezagutzeko.
- Ikasleari bizi den inguruarekiko ezagutza eta gogoetak garatzen laguntzea.
- Hiritarrak eta haurrak batzea, elkarlanean sortutako jakintza partekatzeko. Juan Freirek dio: “2.0 webgunea hiritarren arteko harremana eta lotura estutzeaz gain, elkarlanean oinarritutako hiri-plangintza bultzatzen ari da”.
9. Heziketa helburuak
- Hiria tresnatzat hartzea, historia, gizarte-zientziak eta ingurumena ulertzeko.
- Ikasleei testuinguru historikoak azaltzea, garai bakoitzaren arkitekturaren bidez.
- Ingurune naturalaren eta eraikitakoaren arteko harremana adieraztea.
- Eraikinen itxura eta diseinua baldintzatzen dituzten kontuak ezagutzea: klima, inguru sozial eta kulturala, bizimodua eta erabilera.
- Eskalak bereizten ikastea. Proportzioaren kontzeptua azaltzea, hiri-eskalaren eta etxeko-eskalaren artean dagoen aldetik hasita.
- Espazio publikoa eta pribatua, barrualdea eta kanpoaldea bereizten ikastea.
- Espazioak jarduera-premietara (bizitzeko, lan egiteko, harremanak izateko eta aisialdiaz gozatzeko, besteak beste) egokitu beharraz ohartzea.
- Haurrek gizalegez joka dezaten, ingurune naturalarekiko eta sozialarekiko ardura lantzea.
- Informazioaren ikerketa eta analisi kritikoa garatzea, Interneten informazioa bilatu, ikertu eta aukeratzeko jardueren bidez.
- 2.0 webgunearen bitartez ezaguera irekia sortzea, baita ikerkuntza eta talde-lana garatzea ere.
- Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak ikasteko tresna eraginkortzat erabiltzea.
- Trebetasun artistikoak garatzea, tresna digitalak erabiliz.
- Eraikitako espazioekiko eta eraikinekiko sentikortasun estetikoa garatzea.
- Espazioa diseinatzen eta ingurua eraldatzen ikastea.
- Autoikaskuntza eta ikaskuntza horizontalari bide ematea.
- Hainbat euskarri erabiltzen ikastea (testua, argazkia, bideoa, mapa…), sormena garatzeko eta edukiak webgune sozialaren bidez zabaltzeko.
10. Irakasle, hezitzaile eta gurasoeei zuzendutako orientabideak
Proiektu honen helburuak haurreei argi azaldu behara dago. Horiez gain, ikerketa-aukerak eta ikasleak lanaren emaitza arkitente webgunean aurkezteko eta partekatzeko izango dituen tresnak azaldu beharko dira. Irakaslearen eta hezitzailearen papera funtsezkoa da ikasprozesu horretan laguntzeko.
Prestatu diren fitxetan azaltzen da jarduera bakoitza lantzeko behar den saio kopurua eta saio bakoitzaren iraupena.
11. Programaren erabilera
Programa honetan proposatutako jarduerak Natura-zientziak, Gizartezientzia, Geografia eta Historia, Teknologia eta Plastika irakasgaietan gauzatu daitezke.
PDF-a deskargatu